Zorrotz

May 08 2022

Hala ere, ez nuke irakasleak beti jopuntuan jartzeko sasitza horretan arantza bat gehiago izan nahi, irakasleok, askotan, hezkuntza sistemak jartzen dizkigun eskuburdinez lotuak baititugu esku eta gogoak. Beraz, hel diezaiodan Hezkuntza Hitzarmenean agertzen den hizkuntza eredu berri hori aztertzeari: euskara ardatz duen eredu eleanitzari. Badakit hizkuntza ereduaren auzi hau akordioaren azken katebegia izan zela, desadostasun handienak sortu zituena. Beharbada, horregatik dauka oiloz mozorroturiko lukiaren antza. Arrazoi dezadan, bada, azken baieztapen hori.

Hasteko, esaldi berean ardatz eta eleanitz hitzak batzea kontraesankorra dela deritzot. Aniztasunak ez luke ardatzik behar, horrek elementu bat besteen gainetik jartzea baitakar, aniztasun hitzaren esentzia galduz. Badago eleaniztasunak euskarari on egingo diola defendatzen duen euskaltzalerik, baina ni uste horretatik urrun nago. Gaur egun indarrean dagoen D ereduak (eredu honetan ikasgaien %80 euskaraz, %10 espainolez eta beste %10 ingelesez egiten dela gogoratu beharra dago) ez du eleaniztasunaren aldeko apustua egiten, beste hizkuntza batzuen ikaskuntza eskainiz, euskara zentroan jartzearen aldekoa baizik. Gurea, hemengoa, besteen gainetik, herrialde guztietan egiten den bezala. Eta, hala ere, duela gutxi argitaratu zen ikerketa batek zioenez, ikasle kopuru handi batek ez du eskatzen den gutxieneko euskara maila lortzen; hau da, euskarari eskaintzen zaion espazioa eta euskararen jabekuntzari begira egiten den lana ez dira nahikoa. Horren aurrean, Hezkuntza Hitzarmen berriak ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzen dutenean euskarazko B2 maila lortu behar dutela adierazten du. Hori irakurri nuenean, poztu egin nintzen, eta nire bostean pentsatu: “a zer erronka ederra, ea zein den berau betetzeko proposatzen duten bidea”. Bada, bide orri berria irakurri nuenean bihurtu zen nire irribarrea negar malko.

Proposamen berriak, eleaniztasun hitzak adierazten duen bidetik, atzerriko hizkuntza indartzea proposatzen du, ingelesari espazio handiago bat zabaltzea, alegia. Orduan, ingelesari espazio handiagoa emateko, zeini txikiagotuko zaio berea? Bada, euskarari. Orain arte euskaraz eskaintzen ziren ikasgai batzuk ingelesez egiteko aukera zabalduko da; eta ez hori bakarrik, Euskara ikasgaiak ere eskola-orduak galduko ditu: astean lau ordu izatetik, hiru izatera. Beraz, bai ikasgai, bai ikasteko bitarteko gisa euskarak eskolan duen presentzia txikiagotuz, orain arte ikasleek lortzen ez zuten euskara maila (B1) baino maila handiago bat (B2) lortu nahi da. Benetan? Nori arraio bururatu zaio zentzugabekeria hori? Argi esango dut:

ezinezkoa da! Euskara bizi-bizirik dagoen inguru soziolinguistikoetan (tamalez, gero eta gutxiago direnak) beharbada bai; berriz diot, beharbada. Baina gainontzekoetan, hau da, EAEko gehiengo zabalean, ez!

Eta, hori gutxi balitz, eskatu nahi den euskara maila hori lortzeko ikastetxe bakoitzak egin beharko du bere ingurune soziolinguistikoaren araberako plangintza. Hots, Ondarroako ikastetxean zorrotzagoak izan beharko gara Guardiakoan baino. Hori bai, zikloa bukatzen dutenean denei aitortuko zaie euskara maila bera, segur aski lortu ez dutena; baita ziurtagiria eman ere, noski. Hori bilakatzen ari baita euskara: ziurtagiritarako baino balio ez duen hizkuntza.

Hirueletasunaren bidean jarri gaitu hitzarmen berri honek, eta hau bide beltz baten hasiera baino ez da, denboraren poderioz okerrera egingo duena. Leku askotan, zoritxarrez, umeek euskara erabiltzeko duten leku bakarrenetakoa eskola da, eta hemendik aurrera ordu gutxiago izango dute hori egiteko ere. Eskolaz kanpoko asialdian zein ikaskuntzan ingelesak dauka erabateko nagusitasuna, gurasoek hala bultzatuta, noski: “nire umeak euskara ondo jakin ez arren, eskolaz kanpo ingelesa ikas dezala; euskara nola edo hala gainditu eta jasoko baitu ziurtagiria”. Berriz, ziurtagiria. Eta etorkizun hurbil batean, sare kontzertatuko ikastetxeek hirueletasunaren ereduari nola helduko dioten ikusiko dugu, jaiotza-tasa beherantz doan eta gero eta gazte gutxiago dauden garaiotan, amu gisa erabiliko baitute beren seme-alabak hirueledunak (teorian soilik, praktikan ez baita hala izango) izatea nahi duten guraso elebakar horientzat.

Argi dago hitzarmenaren baitako hizkuntza ereduaren auzi honetan PSEk nahi zuen hirueletasuna atera dela garaile, EH Bilduk proposatzen zuen euskarazko murgiltze eredu orokortuaren aurrean. Eta EAJ, beti bezala, erdiko posizio horretan, zain; baina espainolisten alde eginez, ez dadin bere aginte makila mantentzeko beharrezko duen makulua haserretu.

Ikaragarri miresten dudan euskaltzale batek, Jon Sarasuak, momentu honetan pesimista aktiboak edo optimista kritikoak izatea dagokigula esaten du. Nik ez dut lehena izan nahi, Jon, baina egoera honetan ezinezkoa zait optimista izatea. Barkaidazu.

Artikulu honen lehenengo zatia, hemen : https://www.zorrotz.eus/itoginak-i/

Escribe un comentario

Archivo

Tienda

Show Buttons
Hide Buttons