Hitzetik hortzera dabilen gaia da Euskal Autonomia Erkidegorako negoziatu berri den Hezkuntza Hitzarmenarena. Aldeko baino kontrako iritzi gehiago sortu dituela esango nuke egunkarietan zein sare sozialetan irakurri dudanagatik. Ez dugu ahaztu behar ertz asko dituen eta hainbat gairi heltzen dion akordioa dela: segregazioari nola aurre egin, hizkuntza eredua zein izango den, hezkuntza publikoa indartzea, itunpekoak diren ikastetxeekin zein sareekin nola jokatu… alegia, adostasunak zein desadostasunak hainbat arlotan ager litezkeela.
Ni, irakurtzeko luzeegia eta astunegia izan ez dadin bi zatitan banatu dudan artikulu honetan, euskarari eragiten dioten erabakiez arituko naiz. Batetik, beti arretagune nagusietatik kanpo geratzen den gai batez: irakasleen euskara mailaz. Eta, bestetik, horrenbeste egunkaritako eta albistegitako lerroburuak eta hainbat politikariren eztarriak busti dituen esaldi ustez ederraz: euskara ardatz duen eredu eleanitzaz.
Irakasleek izan beharko luketen euskara mailari dagokionez, hartutako neurri berri bakarra orain arte euskarazko B2 maila nahikoa zen zenbait lanpostutan, C1 maila eskatzea izan da. Artikulu hau irakurtzen ari zareten gehienok erabaki egokia dela pentsatuko duzue seguru asko, hala baitirudi. Zer gehiago eska geniezaioke irakasle bati euskarazko C1 maila izatea baino? Baina, tamalez, azaleko hitz lausoak besterik ez direla iruditzen zait, arazoaren erroa konpondu gabe geratzen baita. Zergatik? Bada, ez zaielako euskarazko C1 maila eskatzen, ziurtagiria baizik; hor hasten da arazoa. Eta, C1 ziurtagiri hori lortzeko beharrezkoa al da azterketa bat egitea edo euskara gaitasuna berariaz erakustea? Zoritxarrez, ez.
Memoria ariketa bat egiten badugu, gogoratuko dugu Patxi Lópezen gobernuak 2012an onartutako Euskara salbuesteko dekretuari esker (erabiltzen den aditza bera ere iraingarria iruditzen zait: salbuetsi. Hori da espainolistek euskararekin egin nahi dutena, kanpo utzi), Unibertsitate Gradu bat euskaraz ikasten duen orori aitortzen zaiola euskarazko C1 maila. Hau da, Ingeniaritza edo Historia Gradua euskaraz egin duen ikasle batek, Gradua bukatutakoan euskarazko C1 ziurtagiria izango du. Baina nork neurtu du Ingeniaritza edo Historia ikasketa horiek ikasi dituen ikaslearen euskara maila? Estatistika irakasleak? Erdi Aroko Historia irakasleak?
Horren ondoren, ikasle hori irakasle izan liteke Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan zein Lanbide Heziketan Irakasle Masterra eginez gero, berak nahi duen hizkuntzan hori ere, noski, ez nahitaez euskaraz. Eta hor daukagu, inork bere euskarazko hizkuntza gaitasuna neurtu gabe, Matematika, Historia edota beste ikasgai batzuk euskaraz irakasteko aukera duen C1 ziurtagiridun irakaslea; zerrenda publikoetan izena emateko edo itunpeko ikastetxe batean eskolak ematen hasteko prest.
Eta, oposizioen gaiari helduko bagenio, are larriagoa iruditzen zait gertatzen dena, euskaraz klaseak eman behar dituen irakasle horrek, oposizioa espainolez egiteko aukera baitu. Nola da hori posible, ondoren, bere eguneroko lanean, euskaraz jardun behar badu? Ez al luke euskaraz eskola bat emateko nahikoa gaitasun duela erakutsi behar? Bada, gaur egun, ez.
Euskara irakasleongan jartzen da euskara irakastearen pisu osoa, eta erabaki okerra dela esango nuke, Fisika irakasle batek ere irakats baitiezaioke (edo irakatsi beharko lioke) ikasleari zientziaren ingurukoez euskaraz nola egoki eta zuzen aritu. Euskara irakasleoi euskal hizkuntzaren eta kulturaren ingurukoak sakonago aztertzea, irakastea eta barneraraztea dagokigu; ikasleari diskurtso oso bat euskaraz nola sortu irakasteaz gain, honen jabekuntzarekin zabaltzen zaion mundu horretan egin dezakeen bidea erakustea. Hortik aurrerakoa, irakasleok elkarlanean egin beharreko lana da; baina posible al da hori guztia indarrean ditugun lege eta eskakizunak betetzeko dauden bidezidorrekin? Argi eta garbi: ez.