Entrevistas Memoria histórica

«»Guernica» obrari falta zaion azken bidaia aldarrikatu dut»

(Hemen Busturialdeko HITZAn argitaratutako elkarrizketa)

«‘Guernica’ obrari falta zaion azken bidaia aldarrikatu dut»

Ilustrazioen bidez, ‘Guernica’ koadroaren bidaiak eta ‘Guernica’ Gernikara aldarria bildu ditu Maitane Azurmendik bere lehenengo liburuan: ‘Azken bidaia’. Obra Gernikara hurbiltzeko gogoa plazaratu du.

2023/01/13

Ane Maruri Aransolo

Azken bidaia zure lehenengo liburua egin duzu. Zer transmititu gura izan duzu?
Inoiz ez dut liburu bat egitea pentsatu. Ilustratzailea naiz eta pentsatzen dudana marrazten dut, niretzako edota sare sozialetan zabaltzeko. Baina Zorrotz argitaletxeko kideek, sare sozialetan argitaratzen nuena ikusita, nire ilustrazioekin liburu bat kaleratzea proposatu zidaten. Orduan, Picassoren Guernica-ren eta Guernica Gernikara aldarriaren arteko istorio paralelo bat kontatzea zela nire asmoa esan nien; koadroari falta zaion azken bidaia hori aldarrikatzea, alegia. Esan eta egin. Guernica-k asko bidaiatu duela kontatu nahi nuen, baita 420 kilometroko azken bidaia falta zaiola aldarrikatu ere.

Azken bidaia hori aldarrikatzea da, beraz, asmo nagusia.
Guernica koadroaren historia kontatu gura izan dut: zergatik margotu zuen Picassok, zergatik uste dudan Gernika-Lumon egon behar duela, zergatik den horren garrantzitsua, zer transmititzen duen… Guernica Gernikara aldarria entzuten dute askok eta askok, baina ez dute beti ulertzen. Esan gura dut Picassok ez zuela Guernica koadroa margotu Madrilen egon zedin. Izan ere, Gernika bonbardatu zutela jakin zuenean, Parisen zegoen, eta Gernikan gertatutakoa kontatzen duen margolana gauzatu zuen; Guernica-ren bidaia guztiak ere azaldu gura nituen, bidaia asko egin zituelako, baina inoiz ez delako udalerrian egon. Oraindik ere bonbardaketaren lekuko batzuk bizirik diraute, eta 420 kilometrora daukate koadroa. 41 urte daramatza Reina Sofian, eta nire aldarrikapena koadroa Gernikara ekartzea izan da beti.

Ez da Gernikako bonbardaketari buruzko kontakizuna beraz, koadroari buruzkoa baizik.
Ez nuen 1937ko apirilaren 26ari buruzko liburu bat gehiago sortu nahi, koadroa eta aldarria dira protagonistak. Hala ere, irakurleak testuinguruan kokatzen ditut, eta azaldu egiten dut Gernika bonbardatu zuten eguna merkatu eguna zela, Picasso Parisen zegoela eta Kondor legioa izan zela udalerria bonbardatu zuena. Ondoren, koadroa zelan margotzen den kontatzen dut, eta errebindikazio handiagaz amaitzen dut, nik koadroa Astran egotea nahi dudalako. Uste dut zirkulua itxiko litzatekeela Guernica Astran egongo balitz.

Asko bidaiatu duen koadroa da. Uste duzu posiblea dela udalerrira hurbiltzea?
Bidaia horiek ondo islatzea izan da nire asmoa. Izan ere, koadroa hainbat aldiz lekualdatu dute, eta Gernikan inoiz egon ez izana, ez zait ondo iruditzen. Are gutxiago gaur egun dagoen logistika guztiagaz. Ulertzen dut koadroari zerbait gertatuko balitzaio edo mugitzea arriskutsua balitz, ez mugitzearen aldeko apustua egitea. Ni izango nintzateke koadroa mugitzea nahiko ez lukeen lehena; baina, gaur egun, bihotz bat Japonetik ekartzen dute, eta ez dut uste ezinezkoa izatea koadroa mugitzea.

Mugarik gabeko kontakizuna da, edonork ulertu dezakeena.
Ilustrazioekin kontatu gura nuen historia, mundu guztiak ulertu zezan; izan ere, ni ez naiz idazlea, ilustratzailea baizik, eta hainbeste maite dudan koadroaren historia kontatzeko gogoa neukan. Liburuak ez du testurik. Muga linguistikorik gabeko kontakizuna da, umeek ere ulertu dezaketena, beraz, eta, gainera, edonoiz irakurtzekoa.

Zelakoa izan da edizio prozesua?
Zorrotzen proposamena ailegatu zitzaidanerako liburuaren erdia eginda neukan eta beste erdia buruan; beraz, erraza izan da. Kontakizuna apur bat bat aldatu dudan arren, sorkuntza prozesua oso polita izan da, biziki bizi izan dut. Ez da zaila izan hori garatzea. Sorkuntza prozesua bihotzetik egin dut, liburuaren azala egin dudan modura.

Koadroa Astran egotea gura duzu, eta gura izate hori liburuaren azalean ikusi daiteke, bertan ageri den bihotzaren irudiagaz.
Ilustrazio hori duela bi urte jaio zen, bonbardaketaren urteurrenean. Guernica-ri buruzkoak kontatzea nire obsesioa izan da beti, eta hori transmititu nahi nuen. Benetan bihotz anatomikoa da azalean ageri dena, Pica-
ssoren koadroko sinboloez betetakoa. Liburuaren ideia buruan neukanean banekien hori izango zela, bai ala bai, azaleko irudia, Guernica eta Gernika pertsona askoren bihotzean daudela adierazten duelako.

Argazkia: Zorrotz.

Bihotz hori zure marka bihurtu da dagoeneko; izan ere, arlo guztietako pertsona ezagunek irudi horregaz argazkiak publikatu dituzte. Zelan jaso duzu oihartzun hori?
Ikaragarria izaten ari da. Irudi hori zeukan poltsa eta kamiseta kaleratzea argitaletxearen ekimena izan zen, liburua ezagutzera emateko asmoz. Ni ez naiz idazle ezaguna, eta liburuaren berri Durangoko Azokaren aurretik eman gura genuen, eta horregatik kaleratu genituen horiek. Hala, bihotza ezaguna egin da, asko ikusi da, eta oso pozik nago. Kultur edota kirol arloko hainbat profesional ezagunek daukate, eta oso polita da argazki horiek ikustea. Izan ere, uste dut Euskal Herriko etxe guztietan Guernica bat egon beharko litzatekela, daukan balio sinbolikoagatik.

Liburuan, historiako une garrantzitsuak ageri dira, baita pertsonaiak ere.
Picassogaz batera, Dora Maar artistari eta Lauaxetari omenaldi txiki bat egin nahi nien. Esaten denez, Dora Maarrek Guernica margotzen lagundu zuen, eta egia edo gezurra izan arren, berari esker dauzkagu Picassoren argazkiak koadroa margotzen ari zela. Lauaxetari dagokionez, George Steer izan zen nazioartean Gernikako bonbardaketa kontatu zuena, baina Lauaxeta bonbardaketa gunera gerturatu zen bonbardaketa gertatu eta hiru egunera, eta han atxilotu eta bi hilabete geroago fusilatu zuten Gasteizen. Horiez gain, Gernika Memoriaren Lekuko eta nire amama ere aipatzen ditut liburuan. Gernika Memoriaren Lekuko eta Lobak Gernikan egiten ari diren lan ona azpimarratu gura nuen. Oso eskertuta eta pozik daude.

Gustura geratu zara?
Emaitza nik espero nuena baino askoz hobea da. Irudiak liburu formatuan zelan geratuko zirenari buruzko zalantzak neuzkan, baina Zamudioko inprentara joan eta liburua ikusi nuenean, zeharo hunkitu nintzen. Oso ondo geratu da. Ni oso pozik nago liburuagaz, ederra da.

Aurten, Durangoko Azokan egon zara lehenengoz. Zelako esperientzia izan da?
Martxoan jakin nuen Durangoko Azokan egongo nintzela, eta hasieran bertigoa eman zidan, baina asko gozatu dudan hitzordua izan da. Nire bizitzako esperientzia onenetarikoa izan da azokan egotea eta herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzea. Sekulakoa izan da. Irakurleekin kontaktuan egotea aukera ezin hobea da, baita liburuaren nondik norakoak azaltzeko eta nire pasioa transmititzeko aukera izatea ere.

Aurrera begira, badaukazu proiekturen bat?
Margotzen jarraitzen dut, hori baita nire adierazteko modua. Irudikatzea eta margotzea da pentsamendu eta sentimenduak transmititzeko era. Sentitzen dudana islatzen dut, gauza onak, txarrak… 2023rako nahikoa proiektu garrantzitsuak dauzkat. Ezin ditut publiko egin, baina eskertuta nago. Beste maila edo esparru batzuetako proi-
ektuak proposatu dizkidate.

To top