Zorrotz

Aza 26 2021

Kontraesanez

Igaro dira hilabeteak Igor Meltxor nirekin kontaktuan jarri zenetik, proiektu interesgarri bat omen zuen esku artean eta haren nondik norakoak azaldu nahi zizkidan kafe baten bueltan. Eta, ikusten duzuenez, konbentzitu ninduen. Gizarte gaiak begirada eta izpiritu kritiko batetik aztertzea eta gai horietako ertzak jotzea da abian jarri den honen nahia, eta ni ere horretan saiatuko naiz; euskaraz betiere, noski. Eta, lehen idatzirako, zer hoberik begirada kritiko batetik aztertzeko, norbere burua baino? Erraza baita parekoaren aurpegian pikorta ikustea, ondokoa xaxatzea, hangoari egurra ematea, besteen kontraesanez aritzea. Baina norbere buruari begira jartzen bagatzaizkio, zer da ikusten duguna?

Niri dagokidanez, beti pentsatu izan dut mundu hau galbidera daraman kapitalismo horren errepresentazio eta produktu perfektua naizela: gizona, zuria, europarra… sisteman eroso bizitzeko aukera eta baliabide guztiak eskura dituen norbanakoa. Kontzientzia da pribilegio horien inguruan hausnartzera eramaten nauena, eta banabil nire lanketa propio horretan, baina, hainbat eta hainbat alorretan, entzuteko eta ikasteko gehiago daukat hitz egiteko baino. Azken urteotan feminismoak hainbat gogoeta eta ate berri zabaldu dizkion matxismoaren uretako arraina naiz. Emakume pentsalari askoren gogapen eta teoriek mundu berri bat zabaldu didate; asko ikasten ari naiz. Baina alor praktikoari helduz, badauzkat zenbait gabezi oraindik. Adibide lelo bat: kosta egiten zait jendaurrean negar egitea. Ez dio axola jendaurre hori talde handi bat edo gertuko norbait den, edota nahigabe larri bat gertatu zaidan; tristeziak barrenak malkoz betetzen dizkidan horietan, hor aritzen naiz nire bostean, uholdeari nola edo hala eutsiz. Badakizue, gizonak ez baitu ahultasun zantzurik agertu behar publikoki. Beti esan izan dut, hezkuntza matxistak lan bikaina egin zuela, nirekin behintzat, baina ari naiz pixkanaka buelta ematen.

Sexu askatasunaren aldeko aldarria daramat zakil baten goxoa sekula dastatu ez duen aho berean; alegia, alor horretan teoriatik asko dudala, eta praktikatik gutxi edo ezer ez. Egia da sekula ez dudala erakartzen nauen sexu bereko inor ezagutu, baina, segur aski, hori ere ez da ausazko edo halabeharrezko zerbait. Aurreko puntuaren hari beretik, hemen daukagu berriz: hezkuntza heteropatriarkala.

Euskara irakasle izateaz gain, euskaltzale sutsua ere banaiz; euskararen aldeko diskriminazio positiboaren alde egiten dut, gure hizkuntza hagin zorrotzez eta ukabil gogorrez defendatu behar dugu. Baina, era berean, badauzkat euskaldunekin espainolez eraikitako harremanak ere. Egia da gero eta gutxiago direla harreman horiek, euskara hauspotzearen eta berau ahoan erabiltzearen aldeko kontzientzia gero eta zabalduago baitago euskaldunon artean, nire ustez. Hala ere, nire kontzientziak gogor astintzen nau, ukabil gogorrez honek ere, euskaldunekin espainolez izaten ditudan elkarrizketa horien ondoren.

Jarrai nezake nire buruari kolpeka zerrenda luze bat egin arte, Lekunberriko musika talde batek abesten zuen legez baitihardut bizitzan aurrera: “nola esan; koherente naiz nire kontraesanekin”. Baina proiektu berri honi hasiera emateko artikulu labur bat eskatu didate; eta, horrez gain, ez da komeni lehen kolpean norbere burua gehiegi biluztea. Zorrozkideok, kaixo eta ongi etorri.

Iruzkin bat idatzi

Fitxategia

Denda

Show Buttons
Hide Buttons