Zorrotz

Urt 06 2022

Abenduak 26. Bilboko Bizkaia frontoian Oinatz Bengoetxea, mikroa eskuan duela, bertan bildutako pilotazale guztiei eskerrak emanez; euskaraz, noski. Esker oneko hitz horiekin bukatu, buelta eman, eta norbaitek euskara hutsean aritu dela aipatu. Berriz mikroa hartu eta: “euskaraz ez dakitenentzat, gracias a todos”. Ekintza bakarrean, mezu bi. Bata, nire hizkuntza euskara da eta, horregatik, euskaraz mintzatuko naiz pilotazale guztien aurrean (Telesforok bere hiltzailearen aurrean egingo zuela idatzi zuen bezala). Eta, bestea, euskaraz ez dakien horrekiko ere, errespetua erakusten dut; euskaldunoi, askotan, erdaldunen aldetik gertatzen ez zaiguna.

Gertaera honek bikain laburbiltzen du euskaldunok une oro bizi duguna, alegia, etengabeko hizkuntza hautu kontziente zein inkontzienteetan murgilduta bizi garela; eta, hautu horiek, hizkuntzarekiko atxikimendu edo militantzia bati lotuak daudela. Zoritxarrez, erdarak euskarari gaina hartzen dio horretan ere, eta euskaldun askori ahaztu egiten zaigu gure hizkuntzari diogun begirunea azaltzea eta lehenestea. Gainera, militantzia edo atxikimendu horrek beheranzko joera nabarmena duela dirudi, eta aiher hori gelditzeko bidean, Oinatz bezalako euskal erreferenteen ekintzek zeresan sinboliko bezain erabakigarria dute.

Duela urte batzuk, ETBrentzat egiten genituen elkarrizketa guztiak euskara hutsean izango zirela erabaki genuen zenbait pilotarik. Ordura arte, euskaraz eta espainolez egiten genituen, ETBko kate nagusi bietako albistegietan jar zitzaten. Berriz diot, euskaraz eta espainolez; Xala edo Gonzalez bezalako iparraldeko euskaldunak ere espainolez hizketan jartzen baitzituzten. Baina euskarazko albistegietan kirolari erdaldunen hitzak azpitituluekin jartzen zituztela ikusita, erdarazko albistegietan gure euskarazko hitzekin gauza bera egin zezatela eskatu genien. Ez pentsa erabakia begi onez ikusi zutenik hedabide horretako nagusiek, izan genuen katramilaren bat edo beste. Oraindik, mantentzen dute bide hori batzuek; ea, laster, denek hartzen duten. Ea, egunen batean, sona handiagoko kirolariak, berbarako, futbolariak, batzen diren bide berera.

Hala ere, adibide gehiago jar genitzake euskararen aldeko hizkuntza hautuen zerrendan. Esate baterako, euskaraz daukagun aurkezle eta komunikatzaile onenetariko batek, Xabier Euzkitzek, Twitterreko bere txio guztiak euskaraz idatziko zituela erabaki zuen duela hilabete

batzuk. Eskertuko genuke Julian Iantzik, izen handiko beste euskal aurkezle batek, lorratz bera segiko balu.

Bere musika ibilbide osoa euskaraz egitea erabaki zuen eta euskarazko heavy musikaren aitzindaritzat jotzen den Su ta Gar musika talde eibartarra ere, euskararen aldeko hizkuntza hautuei dagokienez, beste adibide garbi bat da. Aitor Gorosabelek honakoa aitortu zuen telebista saio batean: “Gu lehenengo kontzertura juan ginan beldurretan. Nora goiaz gu, heavyxa eta, gainera, euskaraz”. Bada, 30 urte baino gehiagoren ondoren, berdin jarraitzen dute, euskara ederrean.

Hizkuntza hautuen adibideekin bukatzeko, euskaratik aldendu eta katalanera hurbilduko naiz. Duela hilabete eskas, azaroaren 29an, Alexia Putellas futbol jokalari katalanak Urrezko Baloia saria jaso zuen, futbolari batek jaso dezakeen saririk gorenena. Bada, sari banaketa ekitaldian hitza hartu zuenean, espainolez eta katalanez eman zizkien eskerrak bere ingurukoei. Bai, katalanez ere bai, Urrezko Baloiaren galan. Honetan ere emakumeak aitzindari.

Hizkuntza hautu inkontzienteei hizkuntza-ohitura eta kontzienteei militantzia deitzen zaien garaiotan, hitzetatik ekintzetara jauzi egiteko beharra aldarrikatu nahiko nuke; hau da, militantziarako saltoa. Ahoak Euskal Herria, Euskadi, Nafarroa eta bestelako termino territorialez betetzen zaizkigu, mingaina erdaraz bustita dugula. Gogora dezagun gurea, beste ezeren gainetik, euskararen lurraldea dela; euskara hautatuz, gure lurra defendatzen dugula.

Iruzkin bat idatzi

Fitxategia

Denda

Show Buttons
Hide Buttons